XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Milesker, euskaltzain oso

ALBISTE badaezpadakoak jasotzeko, larunbat goiza baino garai badaezpadakoagorik ez da.

Ordea, astelehenetan Euskaldunon Egunkariarik ez dugunez, asteburuak parada eman dit Andres Urrutiaren izendapenaren berriak zehatzago, Anjel Lertxundiren izendapen-ezarenak (Andolin Eguzkitza lagunak nahikoa lan, zeuzkanaz gain, Idazleen Elkarteko lehendakaritzarekin) eragindako harridura-erresuminak baretzeko eta hasieran itsuskeria iruditutakoa erlatibizatzeko.

Behingoagatik, beraz, milesker, euskaltzain oso, oso euskaltzain jokatzearren.

Milesker, real-euskaldun literaturzaleok ondotxo baitakigu Otto Pette edo Ifrentzuak saileko edozein libururen orrialde pare batean askoz gehiago dagoela euskal klasikoen ezagueratik, euskal eta erdal literaturen ezagutzatik, hizkuntza eta literaturaren arteko harremanen inguruko gogoetatik, hausnarketa soziolinguistikotik, eta euskal irakurle benetakoen belarrian kokatzeko gaitasunetik, Euskaltzaindiaren edo filologo nekrofilo akademikoegien liburukote pare batean baino.

Milesker (umore beltza, zilegi bekit, osasungarri da zenbaitetan), hurrengo hileta osterainoko tartea uztearren euskal literatura garaikidearen egitekoei ondoen erantzun dion laukoteko xaharrenari rel-euskaldunoi gozagaiak oparitzen jarraitzeko.

Zorionak, Andu, idazteko denbora irabazi digualako.

Zorionak, Andolin, izendapenagatik.

Eta zorionak Andres Urrutia euskaltzain oso berriari, eta animo, egungo euskalgintzaren esparru gatazkatsu edo lan behar handiena duten bi horiek erronka gogor baitituzu: bizkaierak batuari egin beharreko ekarpena eta euskal Zuzenbide jaioberriari arnas eta haragi ematea.

GERARDO MARKULETA

BILBO